Jeremias 27 EAB

Babiloniaren uztarria

1 Judako errege Josiasen seme Sedekias errege izaten hasi zen garaian, Jaunak agindu hau eman zion Jeremiasi:

2 «Egin itzazu hedeak eta uztarria, eta hartu lepoan.

3 Gero, bidali mandatu bat Edom, Moab, Amon, Tiro eta Sidongo erregeei, Sedekias erregeari bisita egitera Jerusalemera etorri diren mandatarien bitartez.

4 Agindu beren erregeei adierazteko, nire, Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezu hau:

5 Neuk egin ditut neure indar handiz eta esku ahaltsuz mundua eta munduko gizaki eta abereak, eta neuk nahi dudanari ematen diot hori guztia.

6 Orain, bada, nire zerbitzari Nabukodonosor Babiloniako erregeari herrialde guztiok ematea erabaki dut; basapiztiak berak ere haren menpe uzten ditut.

7 Nazio guztiak jartzen dizkiet menpean berari, semeari eta bilobari; baina beraren herrialdeari ere etorriko zaio garaia, eta nazio askoren eta errege ahaltsuren menpe eroriko da.

8 Oraingoz, ordea, nazio edo erreinuren batek Babiloniako errege Nabukodonosorren menpeko izan eta haren uztarpean jarri nahi ez badu, gerraz, gosez eta izurriz zigortuko dut, haren esku utzi arte. Hala diot nik, Jaunak.

9 «Ez egin, beraz, jaramonik Babiloniako erregeak ez zaituztela menderatuko iragartzen dizueten profetei, ez igarleei, ezta ametsak azalduz edo azti-baliabidez geroa asmatu ohi dutenei ere.

10 Gezurra da iragartzen dizuetena, eta zeuen lurraldetik urruntzea besterik ez dizuete ekarriko. Haiei jaramon eginez gero, neuk jaurtiko zaituztet, eta galdu egingo zarete.

11 Baina Babiloniako erregearen uztarpean jartzea eta haren menpeko izatea onartzen duen nazioa, lasai utziko dut bere lurraldean, landu dezan eta bertan bizi dadin. Nik, Jaunak, esana».

12 Judako errege Sedekiasi ere mezu bera adierazi zion Jeremiasek: «Makurtu zeuen lepoak Babiloniako erregearen uztarpera. Jarri Nabukodonosorren eta beronen herriaren menpe, eta biziko zarete.

13 Zertan hil behar duzue zuk eta zure herriak gerraz, gosez eta izurriz? Izan ere, Jaunak erabakia du hori gertatuko zaiola Babiloniako erregearen menpeko izatea onartzen ez duen nazioari.

14 Ez egin jaramonik Babiloniako erregeak ez zaituztela menderatuko esaten dizueten profetei, gezurra esaten baitizuete.

15 Ez direla berak bidaliak dio Jaunak, gezurretan ari direla beraren izenean. Bestela, Jaunak berak jaurtiko zaituzte eta galdu egingo zarete zeuek eta horrela hitz egiten dizueten profetak».

16 Apaizei eta herriari ere mezu hau adierazi zien Jeremiasek: «Ez egin jaramonik tenpluko tresnak Babiloniatik berehala itzuliko dituztela esaten dizueten profetei, gezurra esaten baitizuete.

17 Ez egin jaramonik! Jarri Babiloniako erregearen menpe, eta biziko zarete. Zertan bihurtu herri hau hondakin-pila?

18 Benetan profeta badira eta Jaunaren hitza hartu badute, erregutu diezaiotela Jaun ahalguztidunari, Babiloniara eraman ez ditzaten, tenpluan, Judako erregearen jauregian eta Jerusalemen oraindik gelditzen diren tresnak.

19 «Jaun ahalguztidunak badu beste zerbait ere esateko, zutabeei, brontzezko uraskari, orgei eta hiri honetan oraindik gelditzen diren gainerako tresnei buruz:

20 alegia, Nabukodonosor erregeak —Joiakimen seme Jekonias Judako erregea, Judako eta Jerusalemgo handikiekin batera, Babiloniara erbesteratu zuenean— eraman ez zituen tresnei buruz.

21 Hau dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, tenpluan, Judako erregearen jauregian eta Jerusalemen gelditzen diren tresnei buruz:

22 Hauek ere Babiloniara eramango dituzte eta hantxe geldituko dira, toki honetara berriro ekartzea neuk erabakiko dudan arte. Nik, Jaunak, esana».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51 52