1 Hogeita bat urte zituen Sedekiasek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Hamutal zuen izena, eta Libnako Jeremiasen alaba zen.
2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Joiakimek bezalaxe.
3 Hain zegoen haserre Jauna Jerusalemen eta Judaren kontra, ezen bere aurretik urruti bota baitzituen.Babiloniako errege Nabukodonosorren kontra jaiki zen Sedekias.
4 Sedekiasen erregealdiko bederatzigarren urtean, hamargarren hilaren hamarrean, Babiloniako errege Nabukodonosor Jerusalemen kontra etorri zen gudaroste osoarekin eta setiatu egin zuen, inguru guztian harresia eraikiz.
5 Sedekias erregearen hamaikagarren urtea arte egon zen setiatua Jerusalem.
6 Urte hartan janaria ahitu zen hirian eta jendearen gosea izugarria zen. Laugarren hilaren bederatzian,
7 zuloa ireki zuten barrukoek harresian, eta hiriko gudari guztiek ihes egin zuten; atera ziren gauez erregearen lorategi ondoan zegoen bi harresien arteko atetik —babiloniarrek setiaturik zeuden arren— eta Araba aldera alde egin zuten.
8 Babiloniar gudarosteak, ordea, Sedekias erregearen ondoren joan eta Jerikoko lautadan harrapatu zuen, beronekin ziren gudariak sakabanatu zirelarik.
9 Erregea atzeman ondoren, Hamat eskualdeko Riblara eraman zuten, Babiloniako erregearen aurrera. Honek epaia eman zion.
10 Sedekiasen semeei lepoa moztu zieten aitaren aurrean, Riblan bertan, baita Judako buruzagiei ere.
11 Sedekias, begiak leherrarazi ondoren, katez loturik, Babiloniara eraman zuen Nabukodonosorrek eta presondegian eduki hil arte.
12 Babiloniako Nabukodonosorren erregealdiko hemeretzigarren urtean, bosgarren hilaren hamarrean, Nebuzaradan, Babiloniako erregearen funtzionario eta guardiaburua, etorri zen Jerusalemera.
13 Su eman zien Jaunaren etxeari, jauregiari eta Jerusalemgo etxeei, handikienei batez ere.
14 Eta guardiaburuarekin batera zetorren babiloniar gudarosteak Jerusalemgo harresi guztia bota egin zuen.
15 Ondoren, Nebuzaradan guardiaburuak erbesteratu egin zituen hirian geldituak ziren bizilagunak, baita Babiloniako erregearen alde jarri zirenak eta artisauak ere.
16 Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak landu zitzaten.
17 Babiloniarrek zatikatu egin zituzten Jaunaren etxean zeuden brontzezko zutabeak, orgak eta uraska handia, eta Babiloniara eraman zuten brontzea.
18 Kulturako erabili ohi ziren brontzezko tresna guztiak ere hartu zituzten: eltzeak, palak, labanak, isipu-ontziak, katiluak.
19 Guardiaburuak, gainera, urre nahiz zilar hutsezko tresnak hartu zituen: errautsontziak, intsentsu-ontziak, isipu-ontziak, eltzeak, argimutilak eta katiluak.
20 Ezin zen jakin zenbat pisatzen zuen brontzeak: Salomonek tenplurako eginak ziren bi zutabeen, hamabi zezen euskarri zituen uraskaren eta orgen brontzeak.
21 Bi zutabeak berdinak ziren: bederatzina metro zuten gora eta seina metroko zirkunferentzia, barrutik hutsak, eta brontzearen lodiera zortzi zentimetrokoa.
22 Gainean bi metro eta erdiko brontzezko kapitel bana zuten, kapitel bakoitza brontzezko sare eta granadaz inguratua zelarik.
23 Laurogeita hamasei granada nabari ziren. Guztira, ehun granada zeuden sarearen inguruan.
24 Guardiaburuak atxilotu egin zituen Seraias apaizburua, Sofonias apaiz laguntzailea eta hiru atezainak.
25 Hirian, berriz, gudarien arduradun zen ofizial bat, erregearen zerbitzura zeuden zazpi gizon, gudarien izenak hartzen zituen guda-idazkari bat eta, hauekin batera, beste hirurogei handiki atxilotu zituen, denak Jerusalemen gertatu baitziren.
26 Nebuzaradan guardiaburuak hartu eta Riblara eraman zituen, Babiloniako erregeagana,
27 eta honek bertan hilarazi, Hamat eskualdean.Horrela erbesteratu zuten Judako jendea bere lurraldetik urruti.
28 Hona Nabukodonosorrek Judatik erbesteratu zuen jende-kopurua: bere erregealdiaren zazpigarren urtean, 3.023 lagun;
29 hemezortzigarrenean, 832 lagun;
30 hogeita hirugarrenean, azkenik, 745 lagun erbesteratu zituen Nebuzaradan guardiaburuak. Guztira, 4.600 lagun erbesteratu zituzten.
31 Judako errege Joiakin, hogeita hamazazpi urtez gatibu egon ondoren, Ebil-Merodakek askatu egin zuen giltzapetik, Babiloniako errege egin zen urte berean, hamabigarren hilaren hogeita bostean.
32 Onez hartu zuen Ebil-Merodakek Joiakin erregea, eta Babilonian berekin zituen beste erregeak baino gorago jarri zuen.
33 Presondegiko jantziak erantzi eta, aurrerantzean, erregearen mahaian jan zuen beti, bere bizitza guztian.
34 Eguneroko janaria, beraz, Babiloniako erregeak eman zion, bere bizitza guztian.