1 Urte hartan bertan, Sedekiasen erregealdiko laugarren urtean, bosgarren hilean, Hananias profetak, jatorriz Gabaongoa zen Azurren semeak, Jeremiasekin topo egin zuen tenpluan, eta apaizen eta jende guztiaren aurrean esan zion:
2 —Hau dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: «Apurtu egingo dut Babiloniako erregearen uztarria,
3 eta bi urteren buruan itzularazi egingo ditut toki honetara, Nabukodonosor erregeak bertatik hartu eta Babiloniara eraman zituen tenpluko tresnak.
4 Eta Jekonias, Judako errege Joiakimen semea, eta Judatik Babiloniara erbesteraturik joandako guztiak ere itzularazi egingo ditut, zeren apurtu egingo baitut Babiloniako erregearen uztarria. Nik, Jaunak, esana».
5 Jeremias profetak honela erantzun zion Hananias profetari tenpluan bilduta zeuden apaizen eta herriaren aurrean:
6 —Amen! Hala egingo ahal du Jaunak! Beteko ahal ditu zuk iragarritako hitzak eta itzularaziko tenpluko tresnak eta erbesteratu guztiak!
7 Baina entzun ongi zuri eta herri osoari esaten dizuedan hau:
8 Ni eta zu baino lehen ere beti izan dira profetak, eta horiek gerra, gosea eta izurria iragarri dituzte nazio askorentzat eta erreinu ahaltsuentzat.
9 Profetak bakea iragartzen badu, ordea, hitza betetzean bakarrik jakin daiteke egiaz Jaunak bidalia dela.
10 Orduan, Hananiasek, uztarria Jeremiasen lepotik kendurik, apurtu egin zuen,
11 eta jende guztiaren aurrean esan zuen:—Hau dio Jaunak: «Honelaxe apurtuko dut, bi urteren buruan, Babiloniako errege Nabukodonosorren uztarria, eta nazio guztien lepotik kenduko».Orduan, Jeremias bere bidetik joan zen.
12 Hananiasek Jeremiasen lepoko uztarria apurtu eta alditxo batera, honela mintzatu zitzaion Jauna Jeremiasi:
13 «Zoaz eta esan Hananiasi nire, Jaun honen, mezu hau: Zurezko uztarria apurtu duzu, bai; baina nik, horren ordez, burdinazkoa egingo dut.
14 Beraz, hau diot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Burdinazko uztarria ezartzen diet lepoan nazio hauei guztiei, Babiloniako errege Nabukodonosorren menpeko izan daitezen; basapiztiak berak ere haren menpe uzten ditut».
15 Orduan, Jeremias profetak Hananias profetari esan zion:—Entzun orain, Hananias! Ez zara Jaunak bidalia eta gezurrezko konfiantza ematen diozu herri honi.
16 Horregatik, hau dio Jaunak: «Desagerrarazi egingo zaitut lurraren gainetik. Aurten hilko zara, zeure hitzen bitartez nire kontra jartzera eraman baituzu herria».
17 Hananias profeta urte hartan bertan hil zen, zazpigarren hilean.