1 Josiasen seme eta Judako errege Joiakimen erregealdiko laugarren urtean mezua zuzendu zion Jaunak Jeremiasi Judako herriari buruz. Babiloniako errege Nabukodonosorren erregealdiko lehen urtea zen.
2 Jeremias profetak Judako herri osoari eta Jerusalemgo bizilagunei adierazi zien mezua:
3 «Amonen seme eta Judako errege Josiasen hamahirugarren urtetik gaur arte, hogeita hiru urtetan hain zuzen, Jaunak bere mezua eman dit aditzera eta nik lehiaz iragarri dizuet; baina zuek ez didazue aditu.
4 Nire aurretik, Jaunak etengabe bidali dizkizue profetak, bere zerbitzariak, baina zuek ez diezue aditu, ezta jaramonik egin ere.
5 Profetek, nor bere jokabide okerretik eta egite gaiztoetatik bihurtzeko eskatzen zizueten, horrela Jaunak zuei eta zuen gurasoei betidanik eta betiko emandako lurraldean bizitzen jarraitzeko aukera izango zenutela esanez;
6 jainko arrotzen ondoren ez ibiltzeko, haiek zerbitzatuz eta gurtuz; zeuen idolatriazko jardueraz Jauna ez iraintzeko, eta horrela ez zintuztela berak zigortuko.
7 Baina ez dituzue Jaunaren hitzak aditu nahi izan eta zeuen idolatriazko jardueraz iraintzen jarraitu duzue, zigorra zeuen gainera erakarriz.
8 «Horregatik, hau dio Jaun ahalguztidunak: Nire hitzak aditu nahi izan ez dituzuelako,
9 iparraldeko herriei eta Babiloniako errege Nabukodonosor nire zerbitzariari deituko diet herrialde honen aurka, eta hemengo bizilagunen eta inguruko herrien aurka bidaliko. Erabat suntsituko ditut eta betiko eremu eta hondakin bihurtuko, jendearen iseka-gai.
10 Desagerraraziko ditut zuen artetik poz-alaitasunezko oihuak, senar-emaztegaien kantu alai eta atseginak, errota-hotsa eta kriseiluaren argia.
11 Lurralde hau guztia hondatua geldituko da eta Babiloniako erregearen menpeko izango dira nazio hauek hirurogeita hamar urtez.
12 «Baina hirurogeita hamar urte betetakoan, beren bekatuen kontuak eskatuko dizkiet Babiloniako errege eta nazioari, eta betiko hondatuko dut babiloniarren herrialdea. Hala diot nik, Jaunak.
13 Beteko ditut herrialde horretan, egin nizkion mehatxu guztiak, hau da, nazioen aurka Jeremiasek nire izenean iragarri eta liburu honetan idatzita daudenak.
14 Beren aldian, babiloniarrak ere nazio askoren eta errege indartsuren menpe eroriko dira. Horrela emango diet beren egintzengatik merezi duten ordaina».
15 Agindu hau eman zidan Jaunak, Israelgo Jainkoak: «Hartu nire eskutik pattarrez beteriko kopa hau, eta edanarazi nik bidaliko zaitudan nazio guztiei.
16 Edan eta balantzaka hasiko dira, eta zoratuta ibiliko, bidaliko diedan gerrarengatik».
17 Hartu nuen kopa Jaunaren eskutik, eta Jaunak bidali ninduen nazio guztiei edanarazi nien.
18 Lehenengo, Jerusalemi eta Judako hiriei, bertako errege eta buruzagiei eman nien, hondakin eta eremu, iseka-gai eta madarikazio bihur zitezen —eta halaxe da gaur egun—;
19 gero, beste guztiei eman nien: Egiptoko errege faraoiari, ministro, buruzagi eta herri guztiari,
20 eta bertako populazio nahasiei; Utz herrialdeko errege guztiei; filistearren lurraldeko erregeei: Axkelon, Gaza eta Ekron hirietako erregeei eta Axdod hirian bizirik gelditutakoen erregeari;
21 Edom, Moab eta Amoni;
22 Tiro eta Sidongo errege guztiei; itsasoaz beste aldean dauden lurraldeetako erregeei;
23 Dedan, Teman eta Buz herrialdeei eta beduinoei;
24 Arabiako errege guztiei; basamortuan bizi diren populazio nahasien erregeei;
25 Zimri, Elam eta Mediako errege guztiei;
26 iparraldeko errege guztiei, gertuko nahiz urrutikoei, banan-banan; mundu zabalean diren erreinu guztiei. Azkenean, Babiloniako erregeari edanarazi nion.
27 Gero, hau esateko agindu zidan Jaunak: «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Edan, mozkortu, oka egizue eta erori lurrera, gehiago ez jaikitzeko, gerraren erasopean».
28 Eta erantsi zuen: «Zure eskutik kopa hartu eta edan nahi ez badute, adierazi nire partetik, nolanahi ere edan egin beharko dutela.
29 Izan ere, neuretzat sagaratua dudan hiritik hasi naiz zigorra ematen, eta beste nazioek zigorretik aske geldituko direla uste al dute? Ez horixe! Ez dira zigorrik gabe geldituko, munduko bizilagun guztiei bidaliko baitiet gerra. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
30 «Zuk, Jeremias, hitz egiezu nire izenean, esanez:«Jaunak orro dagi goitik,deiadar bere egoitza santutik.Orroka dihardubere herrialdearen aurka,deiadarkamahats-zapaltzaileen antzeramunduko bizilagun guztien aurka.
31 Munduaren ertzerainoiristen da haren orroa,Jauna auzitan ari baitanazioen aurka:gizaki guztiak epaituko ditueta errudunakheriotzara kondenatuko.Nik, Jaunak, esana».
32 Hau dio Jaun ahalguztidunak:«Hondamendia herriz herriari da hedatzen,izugarrizko ekaitzalurraren bazterretik sortzen».
33 Orduan, lurraren luze-zabal guztian, Jaunak hildakoek ez dute hiletarik izango: ez dituzte bilduko lur emateko, simaurra bezala geldituko dira lurrazalean.
34 Egin deiadar, herri-agintariok,egin garrasi,iraulkatu hautsetan,artaldearen gidariok!Heldu da zuen hilketa-eguna,ahari gizenduak bezalaeroriko zarete.
35 Ez da izangoherri-agintarientzat babesik,ez artalde-gidarientzat ihesbiderik.
36 Entzun herri-agintarien deiadarrak,artalde-gidarien garrasiak:hondatu ditu Jaunakberaien larreak!
37 Piztu da Jaunaren haserre-suminaeta artegi oparoak deseginak dira.
38 Gero, Jaunak alde egiten du,bere zuloa uzten duenlehoiak bezala.Piztu da Jaunaren haserre-sumina,ezpatak dena suntsitu du gartsuki,herrialdea basamortu bihurtu da.