Jeremias 44 EAB

Egipton babesturiko judatarrentzat mezua

1 Mezu hau eman zion Jaunak Jeremiasi, Egipton —Migdol, Tafnes eta Menfis hirietan eta Patros eskualdean— bizitzen jarri ziren judatarrentzat:

2 «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Ikusiak dituzue Jerusalemen eta Judako hirien aurka bidali ditudan zorigaitzak: hondaturik eta bizilagunik gabe daude.

3 Egin dituzten gaiztakeriengatik gertatu zaie hori: iraindu egin naute, ez zuek, ez zuen gurasoek, ez beraiek ezagutzen ez zenituzten jainkoei intsentsua errez eta kultua emanez.

4 Etengabe bidali dizkizuet neure zerbitzari profetak esanez: “Ez egin horrelako egintza higuingarririk, gorroto baititut”.

5 Baina ez didazue aditu, ez jaramonik egin, ezta gaiztakeriatik itzuli eta jainko arrotzei intsentsua erretzeari utzi ere.

6 Hala, lehertu egin da nire haserre-sumina, eta erre egin ditu Judako hiriak eta Jerusalemgo kaleak: hondamendi eta eremu bihurtu dira, eta halaxe daude orain.

7 «Orain, bada, nik, Jaun ahalguztidun honek, Israelen Jainkoak, galdetzen dizuet: Zergatik nahi duzue zeuen buruen galbide izaten jarraitu eta, horrela, Judako gizon eta emakumeak, umetxo eta bularreko haurrak suntsiarazi eta zeuen herria bizilagunik gabe utzi?

8 Zergatik iraintzen nauzue zeuen idolatriazko jardueraz, bizitzera etorri zareten Egipton jainko arrotzei intsentsua errez? Horrela, suntsipena erakarriko duzue zeuen gainera, eta madarikazio eta iseka-gai bihurtuko zarete munduko nazio guztien aurrean.

9 Ahaztu egin al dituzue, zuen gurasoek, Judako erregeek eta beraien emazteek, zeuek eta zeuen emazteek Judan eta Jerusalemgo kaleetan egindako gaiztakeriak?

10 Gaur arte ez du inork damurik azaldu, ez beldurrik izan, eta ez da inor ibili zuei eta zuen gurasoei eman nizkizuen lege eta aginduen bidetik.

11 «Horregatik, honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Zuen gain ezarri ditut begiak, zuen kalterako, Juda osoa suntsitzeko.

12 Judan bizirik geldituak, Egiptora babes bila etorri direnak, neuk konponduko ditut: guztiak Egipton galduko dira, ezpataz erori edo goseak akabatuko; txiki eta handi, guztiak hilko dira. Zori beldurgarria izango dute: madarikazioa, gaitzespena eta lotsa gorria.

13 Jerusalem zigortu nuen bezala zigortuko ditut Egipton bizi direnak, gerraz, goseak eta izurriz.

14 Egipton bizitzera joandako judatarretatik ez da inor ere bizirik geldituko. Judara bizitzera itzuli nahian eta asmoz dabiltzan arren, ez dira itzuliko, iheslari bakar batzuk izan ezik».

Jeremiasen hitzei jendeak aurre egin

15 Orduan, Egipton, Patros eskualdean bizi zen jendeak, gizon guztiek —ondo baitzekiten hauek beren emazteak jainko arrotzei intsentsua erretzen ari zitzaizkiela— eta bertan suertatu zen emakume-multzo handi batek Jeremiasi erantzun zioten:

16 —Ez dugu aditu nahi Jaunaren izenean ematen ari zaren mezu hori.

17 Jadanik erabakia daukaguna egingo dugu: Istar zeruko erreginari erreko diogu intsentsua eta eskainiko isur-opariak; lehenago ere hala egin izan dugu geuk, geure guraso, errege eta buruzagiek Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan. Orduan, asetzeraino genuen ogia eta zoriontsu bizi ginen, inolako zorigaitzik ikusi gabe.

18 Baina zeruko erreginari intsentsua erre eta isur-opariak egiteari utzi diogunetik, kale gorrian gaude, goseak eta gerraz hiltzen.

19 Emakumeek are gehiago zioten:—Zeruko erreginari intsentsua erreko diogu eta isur-opariak eskainiko, bai horixe! Gure senarrak ere bat datoz gurekin Istarren irudiarekin opilak egiteko eta isur-opariak eskaintzeko.

20 Orduan, erantzun hori eman zuten gizon-emakume eta jende guztiari esan zien Jeremiasek:

21 —Ez ote zen, bada, Jauna ohartzen, zuek eta zuen guraso, errege eta buruzagiek, herritarrok oro, Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan intsentsua erretzen zenutela? Horixe zuen gogoan, hain zuzen,

22 eta, zuen egintza gaizto eta higuingarriak jasanezinak zitzaizkiolako, zuen lurraldea hondamendi eta eremu bihurtu zuen Jaunak, gaitzetsi eta bizilagunik gabe utzi. Eta halaxe dago gaur ere.

23 Beste jainkoei intsentsua erre eta Jaunaren aurka bekatu egiteagatik zaudete horrela: Jaunaren esana egin ez zenutelako, haren lege, agindu eta eskakizunen arabera bizi izan ez zaretelako. Horregatik gertatu zaizue gaur arte dirauen zorigaitz hau.

Jeremiasen azken hitza

24-25 Jeremiasek honela jarraitu zuen herriari, bereziki emakumeei, hitz egiten: «Entzun Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, Egipton bizi zareten judatar guztioi damaizuen mezua: Zuek, emakumeok, ahoz esan eta eskuz egin! Bete egin behar omen dituzue, zeruko erreginari intsentsua erre eta isur-opariak eskaintzeko hitzemandako botoak. Bete, bai, zeuen botoak, egin hitzemandakoa!

26 Baina entzun ongi, Egipton bizi zareten judatarrok, nik, Jaun honek, nire izen handiagatik zin eginez, esaten dizuedan hau: Zuetako inork ez du aipatuko nire izena Egipto osoan, “Ala Jainko Jaun bizia!” esanez.

27 Erne nago, bai, baina ez zuen onerako, kalterako baizik: Egipton zaudeten judatar guztiak gerraz eta goseak galduko zarete, denok galdu ere.

28 Gerratik ihes egindako banaka batzuk bakarrik itzuliko dira Egiptotik Judara. Orduan jakingo duzue Judatik ihes egin eta Egiptora etorri zaretenok, noren hitza betetzen den, nirea ala zuena.

29 Hemen bertan zigortuko zaituztet. Eta froga bat emango dizuet zuen aurkako nire mehatxuak egiaz beteko direla jakin dezazuen:

30 Hofra faraoia, Egiptoko erregea, bera hil nahian dabiltzan etsaien esku jarriko dut, Judako errege Sedekias, bera hil nahian zebilen Babiloniako errege Nabukodonosorren esku jarri nuen bezala».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51 52