Jeremias 24 EAB

Bi saskikada-piku, bi patu

1 Jaunak bi saskikada-piku erakutsi zizkidan, tenplu aurrean ezarriak. Ordurako, Babiloniako errege Nabukodonosorrek Babiloniara eramanak zituen Joiakimen seme Jekonias Judako erregea, Judako buruzagiak, artisauak eta errementariak.

2 Saski bateko pikuak oso onak ziren, uztako hoberenak; bestekoak, aldiz, oso txarrak, janezinak izateraino hondatuak.

3 Jaunak galdetu zidan:—Zer ikusten duzu, Jeremias?Nik erantzun:—Pikuak: onak benetan aukerakoak dira; txarrak, aldiz, guztiz txarrak, janezinak izateraino hondatuak.

4 Orduan, Jaunak bere mezua adierazi zidan:

5 «Atsegin da piku on hauek ikustea, ezta? Bada, halaxe, begi onez ikusten ditut babiloniarren lurraldera jaurti ditudan Judako erbesteratuak.

6 Nire begiak haiengan jarri ditut on egiteko: herrialde honetara itzularaziko ditut, eraiki egingo ditut eta ez eraitsi, landatu eta ez erauzi.

7 Adimena emango diet ni Jauna naizela ezagut dezaten; nire herri izango ditut eta ni beren Jainko izango naute, bihotz osoz itzuliko baitira niregana.

8 «Sedekias, Judako erregea, buruzagiak eta herrialde honetan gelditu diren Jerusalemgo bizilagunak eta Egipton bizi direnak, berriz, piku txar eta janezinak izateraino hondatutako horiek bezala hartuko ditut.

9 Izugarrizko eskarmentu izango dira munduko erreinu guztientzat; lotsaizun eta iseka-gai izango dira, koplak aterako dizkiete eta madarikatu egingo jaurtiko ditudan toki guztietan.

10 Gerra, gosea eta izurria bidaliko dizkiet, beraiei eta beraien gurasoei eman nien lurraldetik suntsitu arte».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51 52