Jeremias 32 EAB

Egintza sinbolikoa Judaren eraberritzea adierazteko

1 Sedekiasen erregealdiko hamargarren urtean, Nabukodonosorren erregealdiko hemezortzigarrenean, Jaunak bere mezua adierazi zion Jeremiasi.

2 Garai hartan, Jerusalem setiatzen ari zen Babiloniako erregearen gudarostea; Jeremias profeta atxilotua zegoen Judako erregearen jauregiko kartzela-atarian.

3 Sedekias erregeak giltzapean sartua zuen, hark iragarritako mezu hau zela eta: «Hau dio Jaunak: Jerusalem Babiloniako erregearen esku utziko dut eta honek konkistatu egingo du.

4 Judako errege Sedekias bera ere ez da libratuko babiloniarren eskuetatik, hauen erregearen esku geldituko da: harekin aurrez aurre topo egin beharko du.

5 Babiloniara eramango du Sedekias eta hantxe gelditu beharko du nik haren alde esku hartu arte. Babiloniarren aurka borrokan jarraitzen baduzue, ez duzue ezer onik aterako. Nik, Jaunak, esana».

6 Hona Jeremiasen kontakizuna.Jaunak esan zidan:

7 «Hanamel, zeure osaba Xalumen semea, etorriko zaizu eskabide hau egitera: “Eros iezadazu Anatoten daukadan alorra; zeuri dagokizu horretarako eskubidea, ahaiderik hurbilekoena zaitudanez”».

8 Jaunak iragarri bezala, Hanamel etorri zitzaidan presondegiko atarira, eta esan zidan: «Eros iezadazu Anatoten, Benjaminen lurraldean, daukadan alorra; zurea da erosteko eskubidea, ahaiderik hurbilekoena zaitudanez». Garbi jakin nuen orduan Jaunak hitz egin zidala.

9 Horrela, erosi nion Anatoteko alorra neure lehengusu Hanameli. Zilarrezko hamazazpi txanpon ordaindu nizkion.

10 Agiria idatzi, lekukoen aurrean zigilatu eta zilarra pisatu nuen.

11 Gero, lege-baldintza guztiak betez, zigilaturiko agiria eta honen kopia irekia harturik,

12 neure lehengusu Hanamelen aurrean eta agiria izenpetu zuten lekukoen eta kartzela-atarian suertatu ziren judatarren aurrean, Neriasen seme eta Mahseiasen biloba Baruki eman nizkion.

13 Agindu hau eman nion guztien aurrean Baruki:

14 «Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, dio: Hartu bi agiriok, zigilatua eta irekia, eta sartu buztinezko pitxer batean, luzaro iraun dezaten.

15 Izan ere, honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Oraindik ere erosiko dira etxe, alor eta mahastiak herrialde honetan».

Jeremias profetaren otoitza

16 Agiria Neriasen seme Baruki eman ondoren, otoitz egin nion Jaunari:

17 «Ene Jauna! Zuk egin dituzu zeru-lurrak zeure ahalmen eta indar handiaz. Zuretzat ez da ezer ezinezkorik.

18 Mila belaunalditaraino agertzen duzu zeure onginahia, baina seme-alabei jasanarazten dizkiezu gurasoen gaiztakeriaren ondorenak. Jainko handi eta indartsua zara, “Jaun ahalguztiduna” zure izena.

19 Egitasmo handiak dituzu eta huts egin gabe burutzen. Gizakien jokabide guztiak begi-bistan dituzu, nori bere jokaeraren ordaina, bere egiteen merezia, emateko.

20 Gure herria Egipton egon zenetik gaur arte, mirariak eta egintza harrigarriak burutu dituzu, eta izen ospetsua zeureganatu bai Israelen, bai gizaki guztien artean.

21 Mirariak eta egintza harrigarriak eginez atera zenuen Israel zeure herria Egiptotik, ahalmen handiz eta esku bizkorrez atera ere, mundu guztia izutuz.

22 Esnea eta eztia darizkion lurralde hau eman zenien israeldarrei, arbasoei zin eginez agindu zenien lurraldea.

23 Baina jabe izateko bertara sartu zirenean, ez ziren zure esaneko izan, ez zituzten zure legeak bete, ez zuten zuk aginduaren arabera jokatu. Horregatik bidali diezu zoritxar handi hau.

24 «Begira, babiloniarrek eginak dituzte erasorako bideak, eta laster eroriko da Jerusalem erasotzaileen esku, gerrak, goseak eta izurriak beharturik. Iragarri zenuena ari da gertatzen, eta zu hor begira!

25 Zeuk agindu didazu, ordea, Jainko Jauna, alorra erosi eta lekukoen aurrean ordaintzeko. Eta hiria babiloniarren menpe erortzear dago… ».

Jaunaren erantzuna

26 Orduan, honela erantzun zion Jaunak Jeremiasi:

27 «Neu naiz Jauna, bizidun guztien Jainkoa. Niretzat ez da ezer ezinezkorik.

28 Bada, hau diot nik, Jaunak: Hiri hau babiloniarren eta Babiloniako errege Nabukodonosorren esku uzten dut, konkista dezaten.

29 Bertan sartuko dira erasotzen ari zaizkion babiloniarrak eta su emango diote; suak hiria irentsiko du eta hiriarekin batera etxeak, ni iraintzeko etxe gainetan Baali intsentsua erre eta atzerriko jainkoei isur-opariak eskaintzen zizkieten etxeak.

30 Izan ere, israeldarrek eta judatarrek, nik gaitzesten dudana egiten jardun dute gaztetandik; israeldarrek iraindu besterik ez naute egin berek eginiko idoloekin. Hala diot nik, Jaunak.

31 Hiri honek, egin zutenetik gaurdaino, haserre-sumina piztu dit eta suntsitzea erabaki dut,

32 israeldarrek eta judatarrek egin dituzten gaiztakeria guztiengatik: iraindu egin naute israeldarrek, beren errege eta buruzagiek, apaiz eta profetek, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiek.

33 Bizkarra eman didate, ez aurpegia. Etengabe irakatsi diedan arren, ez didate aditu eta ez dute zentzatu nahi izan.

34 Beren idolo higuingarriak ipini dituzte niri sagaraturiko etxean, berau profanatuz.

35 Baali kultu-lekua eraiki diote Ben-Hinom haranean, beren seme-alabak Molok jainkoaren ohorez oparitan erretzeko. Nik ez diet horrelakorik sekula agindu, ez zait bururatu ere egin horrelako egintza nazkagarriz Juda bekatura bultzatzerik.

36 «Bada, orain, hala diot nik, Jaunak, Israelgo Jainkoak, guduak, goseak eta izurriak beharturik, Babiloniako erregearen eskuetan erori behar duela diozuen hiri honi buruz:

37 Bildu egingo ditut herritarrak, neure haserre-suminak eta amorru jasanezinak eraginik sakabanatu nituen herrialdeetatik, toki honetara ekarri eta seguru biziaraziko ditut.

38 Nire herri izango dira eta ni haien Jainko.

39 Pentsaera eta jokaera bakarra emango dizkiet, bizitza guztian begirune izan diezadaten, beren eta ondorengoen onerako.

40 Betiko ituna egingo dut beraiekin: ez naiz inoiz aspertuko haiei on egiten, eta nireganako begirunea sartuko diet bihotzean, niregandik urrun ez daitezen.

41 Haiei mesede egitea izango da nire poza; neure gogo eta ahalegin guztiaz tinko landatuko ditut lurralde honetan.

42 Bai, hala diot nik, Jaunak. Herri honi zorigaitz handi hau bidali diodan bezala, hala bidaliko dizkiot agindu dizkiodan on guztiak ere.

43 Oraindik ere alorrak erosiko dira, guztiz hondaturik, gizaki eta abererik gabe eta babiloniarren esku utzia dagoela diozuen lurralde honetan.

44 Benjaminen herrialdean, Jerusalemgo inguruetan eta Judako hirietan, mendialdeko, Xefela lautadako eta Negeveko hirietan, alorrak erosi eta ordainduko dira, lekukoen aurrean agiriak idatzi eta zigiluz joko, aldatu egingo baitut herri honen zoria. Nik, Jaunak, esana».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51 52