1 Josiasen seme Joiakim Judako errege izaten hasi zen garaian, Jaunak agindu hau eman zion Jeremiasi:
2 «Zaude tenpluko atarian zutik, eta hitz egin Judako hirietatik Jauna gurtzera tenplura datozen guztiei. Hots egin zehatz-mehatz haiei esateko agindu dizkizudan hitzak, bakar bat ere utzi gabe.
3 Agian adituko dizute eta beren jokabide okerretik bihurtuko dira. Horrela baldin bada, damutu egingo naiz eta ez dut beteko beraien egite gaiztoengatik ematea pentsatua dudan zigorra.
4 Adierazi nire, Jaun honen, mezu hau: Ez badidazue aditu nahi, nik emaniko legearen arabera jokatuz,
5 ez badiezue jaramonik egiten behin eta berriro, etengabe, bidaltzen dizkizuedan neure zerbitzari profeten esanei —eta benetan zuek ez didazue aditu nahi—,
6 Xiloko kultu-lekuari eman nion tratu bera emango diot tenplu honi; hiri hau, berriz, nire madarikazioaren adierazgarri izango da munduko nazio guztientzat».
7 Apaizak, profetak eta jende guztia Jeremiasi entzuten zeuden, tenpluan hitzaldi hau egiten ari zen bitartean.
8 Eta Jaunak esateko agindu zion guztia bota zuenean, apaizek, profetek eta jendeak heldu egin zioten, esanez: «Heriotza-zigorra merezi duk!
9 Nola ausartzen haiz Jaunaren izenean esaten tenplu honek Xilok bezalako tratua izango duela eta hiria erraustua izango dela, bizilagunik gabe gelditzeraino?» Jende guztia Jeremiasen inguruan pilatu zen tenpluan.
10 Judako buruzagiak, gertatuaren berri jakitean, erregearen jauregitik tenplura joan eta tenpluko Ate Berriaren aurrean eseri ziren.
11 Orduan, apaizek eta profetek buruzagiei eta herriari esan zieten: «Gizon honek heriotza merezi du, hiri honen kontra hitz egin baitu Jaunaren izenean, zeuen belarriz entzun duzuen legez».
12 Jeremiasek buruzagiei eta herriari esan zien: «Jaunak bidali nau, entzun didazuen guztia tenplu honen eta hiri honen aurka beraren izenean aldarrikatzera.
13 Zuzendu, beraz, zeuen jokabidea eta egintzak, eta obeditu Jaunari, zeuen Jainkoari, eta damutuko da Jauna zuen aurka iragarri duen zigorraz.
14 Ni, berriz, zeuen esku naukazue; egin nirekin ongi eta zuzen iruditzen zaizuena.
15 Baina jakin ongi, ni hiltzen banauzue, errugabe baten heriotzaren erantzule izango zaretela zuek, hiri hau eta bertako bizilagunak, benetan Jainkoak bidali bainau zuengana, esan dizuedan guztia iragartzera».
16 Orduan, buruzagiek eta herriak apaizei eta profetei esan zieten: «Gizon honek ez du heriotzarik merezi, Jaunaren, geure Jainkoaren, izenean hitz egin baitigu».
17 Herri-kontseiluko batzuek, zutiturik, batzartua zegoen herriari esan zioten:
18 «Ezekias Judako erregearen garaian, Morexeteko Mikeasek ere honela hitz egin zion Jaunaren izenean Judako herri osoari:“Honela dio Jaun ahalguztidunak:Goldalur bihurtuko da Sion,harri-pila Jerusalem,baso, tenpluaren mendia”.
19 «Baina Ezekias erregeak eta Judako herriak hilarazi ote zuten Mikeas arrazoi horregatik? Ez! Begirune izan zioten Jaunari eta honen haserrea baretzen saiatu ziren. Eta Jauna damutu egin zen haien kontra iragarria zuen zigorraz. Gu, berriz, izugarrizko okerra egiteko zorian gaude, geure kalterako».
20 Izan zen beste profeta bat ere Jaunaren izenean hitz egin zuena: Urias, Xemaiasen semea, Kiriat-Jearimgoa. Jeremiasek bezala, Jerusalemen eta Judaren aurka hitz egin zuen.
21 Joiakim erregeak, beronen funtzionario eta buruzagiek entzun zituzten Uriasen hitzak, eta erregeak bizia kendu nahi izan zion. Baina Uriasek jakin eta, beldurturik, Egiptora ihes egin zuen.
22 Orduan, Joiakim erregeak Akborren seme Elnatan bidali zuen Egiptora gizatalde batekin.
23 Atera zuen Urias Egiptotik eta Joiakim erregeagana ekarri. Honek ezpataz hilarazi eta hilobi arruntera bota zuen.
24 Ahikamek, Xafanen semeak, bere babespean hartua zuen Jeremias eta, horri esker, ez zen erori hil nahi zuen jendearen eskuetan.