9 Honela baitiot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Isilaraziko ditut lurralde honetan, zuen begi-bistan, zuen egunetan, poz-alaitasunezko oihuak, senar-emaztegaien kantuak.
10 «Mezu hau herriari iragartzean, galdetuko dizute: “Zergatik erabaki du Jaunak hain zoritxar handia bidaltzea? Zein da gure errua, zein geure Jainko Jaunaren aurka egin dugun bekatua?”
11 Zuk erantzun nire partetik: Bada, zuen arbasoek ni bazterrera utzi eta beste jainkoen atzetik ibili izana, haiek zerbitzatuz eta gurtuz. Ni bazterrera utzi eta nire legea ez dute bete.
12 Eta zuek arbasoek baino okerrago jokatu duzue: nork bere joera gaiztoei setati jarraitu diezue, niri aditu gabe.
13 Horregatik, jaurti egingo zaituztet lurralde honetatik, ez zuentzat, ez zuen gurasoentzat ezaguna ez den lurraldera; han, beste jainko batzuk zerbitzatuko dituzue, gau eta egun; ez baitut gehiago zuen ardurarik izango».
14 Jaunak dio: «Garai berria dator. Garai horretan, jendeak ez du honela zin egingo: “Ala Jauna, israeldarrak Egiptotik atera zituena!”;
15 baizik eta beste era honetan: “Ala Jauna, israeldarrak iparraldetik eta sakabanatu zituen herrialde guztietatik atera dituena!” Bai, berriro itzularaziko ditut beraien gurasoei eman nien lurraldera».