4 Nire aurretik, Jaunak etengabe bidali dizkizue profetak, bere zerbitzariak, baina zuek ez diezue aditu, ezta jaramonik egin ere.
5 Profetek, nor bere jokabide okerretik eta egite gaiztoetatik bihurtzeko eskatzen zizueten, horrela Jaunak zuei eta zuen gurasoei betidanik eta betiko emandako lurraldean bizitzen jarraitzeko aukera izango zenutela esanez;
6 jainko arrotzen ondoren ez ibiltzeko, haiek zerbitzatuz eta gurtuz; zeuen idolatriazko jardueraz Jauna ez iraintzeko, eta horrela ez zintuztela berak zigortuko.
7 Baina ez dituzue Jaunaren hitzak aditu nahi izan eta zeuen idolatriazko jardueraz iraintzen jarraitu duzue, zigorra zeuen gainera erakarriz.
8 «Horregatik, hau dio Jaun ahalguztidunak: Nire hitzak aditu nahi izan ez dituzuelako,
9 iparraldeko herriei eta Babiloniako errege Nabukodonosor nire zerbitzariari deituko diet herrialde honen aurka, eta hemengo bizilagunen eta inguruko herrien aurka bidaliko. Erabat suntsituko ditut eta betiko eremu eta hondakin bihurtuko, jendearen iseka-gai.
10 Desagerraraziko ditut zuen artetik poz-alaitasunezko oihuak, senar-emaztegaien kantu alai eta atseginak, errota-hotsa eta kriseiluaren argia.