2 Ordurako, Jekonias erregea, ama erregina, jauregiko funtzionarioak, Judako eta Jerusalemgo buruzagiak, artisauak eta errementariak Jerusalemdik erbestera joanak ziren.
3 Judako errege Sedekiasek Nabukodonosor erregeari mandatari bezala bidali zizkion Xafanen seme Elasa eta Hilkiasen seme Gemariasen eskuz bidali zuen Jeremiasek gutuna. Hona beraren testua:
4 «Hau da Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezua Jerusalemdik Babiloniara erbesteratu guztientzat:
5 Eraiki etxeak eta bizi berorietan; egin baratzeak eta jan bertako fruituak.
6 Ezkon zaitezte eta sortu seme-alabak; ezkondu seme-alabak ere, umeak sor ditzaten. Ugal zaitezte bizi zareten tokian, ez gutxitu.
7 Arduratu erbesteraturik zaudeteneko herrialdearen ongizateaz eta egin otoitz Jaunari haren alde, haren ongizatea zeuen onerako izango baita.
8 «Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, ohar hau ere egiten dizue: Ez zaitzatela engaina zuen artean bizi diren profetek eta igarleek, ez egin jaramonik berorien ameskeriei.