4 Halere, entzun, Sedekias, Judako errege horrek, Jaunak esaten dizun hau ere: Ez zara bortxaz hilko.
5 Bakean hilko zara, intsentsua erreko dute zure ohorez, zure aurreko erregeen hiletetan egin ohi zen bezala. Hileta joko dizute, esanez: “Ai gure Jauna!” Nik, Jaunak, esana».
6 Jeremias profetak mezu hau guztia adierazi zion Judako errege Sedekiasi Jerusalemen.
7 Bitartean, Babiloniako erregearen gudarostea Jerusalemi eta artean Judan tinko irauten zuten bi hiri gotorrei, Lakix eta Azekari, erasotzen ari zen.
8 Jaunak beste behin ere hitz egin zion Jeremiasi. Sedekias erregeak esklaboak askatzeko hitzarmena egin zuen Jerusalemgo jendearekin:
9 nork bere zerbitzuan zituen esklabo hebrearrei, gizonezko nahiz emakumezko, askapena eman behar zien, judatarrik bere senidearen esklabo ez gertatzeko.
10 Handiki eta herri xehe, guztiek eman zuten ontzat hitzarmena eta, hitza betez, nork bere esklaboak, gizonezko nahiz emakumezko, libre utzi zituen, beren artean esklaborik gehiago ez izateko.