15 Ondoren, Nebuzaradan guardiaburuak erbesteratu egin zituen hirian geldituak ziren bizilagunak, baita Babiloniako erregearen alde jarri zirenak eta artisauak ere.
16 Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak landu zitzaten.
17 Babiloniarrek zatikatu egin zituzten Jaunaren etxean zeuden brontzezko zutabeak, orgak eta uraska handia, eta Babiloniara eraman zuten brontzea.
18 Kulturako erabili ohi ziren brontzezko tresna guztiak ere hartu zituzten: eltzeak, palak, labanak, isipu-ontziak, katiluak.
19 Guardiaburuak, gainera, urre nahiz zilar hutsezko tresnak hartu zituen: errautsontziak, intsentsu-ontziak, isipu-ontziak, eltzeak, argimutilak eta katiluak.
20 Ezin zen jakin zenbat pisatzen zuen brontzeak: Salomonek tenplurako eginak ziren bi zutabeen, hamabi zezen euskarri zituen uraskaren eta orgen brontzeak.
21 Bi zutabeak berdinak ziren: bederatzina metro zuten gora eta seina metroko zirkunferentzia, barrutik hutsak, eta brontzearen lodiera zortzi zentimetrokoa.