1 Ez gura izan seme-alaba ugari,onak izango ez badira;ez poztu, dituzun seme-alabak fedegabeak badira.
2 Ugari izan arren, ez poztu beraiengatik,Jauna errespetatzen ez badute.
3 Ez jarri zeure uste ona haien bizitza luzean,ezta oinarritu ere haien kopuru handian,hobe baita bakar bat mila baino,hobe batere gabe hiltzea haur fedegabeak izatea baino.
4 Gizaki zentzudun bakar bat aski baita hiria betetzeko,baina legegabeen askazia deuseztatua izango.
5 Horrelako asko ikusia naiz,eta handiagoak ere entzuna.
6 Bekatarien batzarrean sortu zen sua,herri errebeldearen kontra Jaunaren sumina piztu.
7 Ez zien antzinako erraldoiei barkatu,beren indarrez fidaturik kontra altxatu zitzaizkionean.
8 Ez zuen Lot-en hiria ere zigor gabe utzi,nardagarri baitzitzaion hango harrokeria.
9 Ez zen errukitu herri galduaz,ezabatua izan zen bere bekatuengatik;
10 berdin gertatu zitzaien seiehun mila oinezkoei ere,beren sinesgogorkerian bat etorri ziren israeldarrei.
11 Nahiz eta bat bakarra egon kaskagogorra,harrigarria litzateke kalte gabe geratzea;errukiorra eta era berean haserrekorra baita Jauna,ahaltsua barkatzen eta sumina isurtzen.
12 Errukia bezain handia du zorroztasuna,egintzen arabera epaitzen du gizakia.
13 Bekataria ez da berearekin aurrera aterako,zintzoaren jasankortasuna ere ez da hutsean geratuko.
14 Erruki-egintza orok izango du saria,bere egintzen arabera hartuko bakoitzak.
17 Ez esan: «Jaunarengandik ezkutatuko naiz;han goitik, nor oroituko da nitaz?Hainbeste jenderen artean ez nau ezagutuko;zer naiz, bada, ni mundu zabalaren erdian?»
18 Hara, zeruak eta zeruen zeruak,lurrak eta leizeak dar-dar egiten dute hura etortzean;
19 mendiak eta lurraren oinarriakdardaraz jartzen hark begiratzean.
20 Baina honetaz guztiaz ez da gogoetarik egiten;nork jartzen die arreta hark egindakoei?
21 Oharkabean etortzen den ekaitza bezala,haren egintza gehienak ezkutuan gertatzen dira.
22 «Jaunaren justizi egintzak, nork aldarrikatzen ditu?Nor dago haien zain?Ez da berehala gertatuko hark agindutakoa!»
23 Honela pentsatzen du bihotz kaskarrekoak;burugabeak, bide-galduak, zorakeria besterik ez.
24 Entzun, seme, eta zeureganatu jakintza;jarri zeure bihotza ene esanetara.
25 Neurritasunez azalduko dizut irakaspena,zehaztasunez iragarriko jakin beharrekoa.
26 Jaunak, hasieran bere egintzak burutu zituenean,bakoitzari bere lekua izendatu zion.
27 Betiko arautu zien beren egitekoa,hasieratik urrutiko etorkizuna arte.Ez dira gose, ezta nekatzen ere,ez dute beren eginkizunean hutsik egiten.
28 Batek ere ez dio ondokoari traba egiten,sekula ez dute haren hitza bete gabe uzten.
29 Gero, Jaunak lurrerantz begiratu zueneta bere ondasunez bete mundua.
30 Mota guztietako bizidunez estali zuen lur gaina,eta lur azpira itzuli behar dute hiltzean.