Ben Sirak 7 EABD

Zenbait aholku

1 Ez egin gaitzik, eta ez zaizu gaitzik gertatuko.

2 Urrun zaitez bidegabekeriatik,eta bera ere aldenduko da zuregandik.

3 Ez erein bidegabekeriaren ildoetan,uztan ez dezazun askoz ere gehiago jaso.

4 Ez eskatu Jaunari boterea,ezta erregeari ere ohorezko aulkia.

5 Ez hasi zintzoarena egiten Jaunaren aurrean,ezta jakintsuarena ere erregearen aurrean.

6 Ez saiatu epaile bihurtzen,bidegabekeria ezabatzeko gai ez bazara,ahaltsuaren aurrean kikildu egingo baitzinatekeeta zeure zuzentasuna koloka jarriko.

7 Ez jokatu oker hiriko batzarraren aurka,ez beheratu zeure burua jendearen aurrean.

8 Ez egin bi aldiz bekatu bera,behingoagatik ere ez zara zigor gabe geratuko eta.

9 Ez esan: «Ikusiko ditu Jaunak nire opari ugariak,onartuko ditu Jaungoikoak nire eskaintzak».

10 Ez izan eraman gutxikoa zeure otoitzean,ezta zekena ere limosna ematean.

11 Ez egin barre atsekabetua dagoenari,izan gogoan Jaunak apaldu eta goratu egiten duela.

12 Ez asmatu gezurrik anaiaren kontra,ezta adiskidearen aurka ere.

13 Ihes egin beti gezurra esatetik,ez baitu ezer onik ekartzen horretan irauteak.

14 Ez izan berritsu nagusien batzarrean,ez hitz egin gehiegi zeure otoitzean.

15 Ez gorrotatu lan nekosoa;esate baterako, Goi-goikoak sortutako lurgintza.

16 Ez zaitez elkar bekatariekin,izan gogoan laster datorrela Jainkoaren zigorra.

17 Apaldu zeharo zeure burua,sua eta harrak baitira fedegabearen zigorra.

Adiskideak eta familia

18 Ez trukatu adiskidea diruarengatik,ezta anaia maitea ere urrerik finenagatik.

19 Ez aldendu emazte zentzuzko eta onarengandik,urrea baino dohain baliotsuagoa baita.

20 Ez erabili gaizki zintzo lan egiten duen morroia,ezta gogotik saiatzen den jornalaria ere.

21 Maita ezazu morroi trebea zeure burua bezala,ez ukatu zor diozun askatasuna.

22 Baduzu artalderik? Zaindu.Etekinik ematen badizu, gorde.

23 Semerik baduzu? Hezi.Makurrarazi horien buruak gaztarotik.

24 Alabarik baduzu? Zaindu horien garbitasuna,ez jarri beti aurpegi alaia.

25 Ezkondu alaba, eta zeregin garrantzitsua burutuko duzu;baina gizon zentzudunari eman.

26 Gogoko emaztea al duzu? Ez zapuztu.Baina ez fidatu maite ez baduzu.

27 Errespetatu aita bihotz-bihotzez,ez ahaztu amak zuregatik jasandako guztiak.

28 Gogoratu bizia zor diezula;zer itzuliko diezu zuregatik egin dutenaren ordainetan?

Apaizak

29 Gurtu Jauna bihotz-bihotzezeta izan begirune haren apaizei.

30 Maitatu indar guztiz zeure Egileaeta ez baztertu haren kultu-zerbitzariak.

31 Izan begirune Jaunari, errespetatu apaizaeta eman bere partea, agindu zaizun bezala:lehen fruituak, ordain-opariak, elkartasun-oparietatik dagokiona,labore-opari eta gainerako opari sakratuen hasikinak.

Behartsuak eta nahigabetuak

32 Luzatu zeure eskua behartsuari,Jaunak bete-betean bedeinka zaitzan.

33 Eman eskuzabal bizidun guztiei,hildakoei ere ez ukatu zeure erruki-egintzak.

34 Ez entzungor egin negarrez ari direnei,eta nahigabetu zeu ere nahigabetuekin.

35 Ez ahaztu gaixoak ikustea,honelako egintzengatik maiteko baitzaituzte.

36 Egiten duzun guztian, izan gogoan zeure azkena,eta ez duzu sekula bekatu egingo.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51