1 Seme-alabok, entzun aitari,bete nire aholkuak, onik atera zaitezten;
2 Jaunak seme-alaben gainetik errespetarazten du aita,amaren aginpidea ezartzen umeen gain.
3 Aita ohoratzen duenak bere bekatuak ezabatzen ditu,
4 ama errespetatzen duenak altxorra metatzen.
5 Aita ohoratzen duenak bere seme-alabengan izango du poza,otoitz egitean Jaunak entzun egingo dio eskaria.
6 Aita errespetatzen duenak bizitza luzea izango du,Jaunak esana egiten duenak atsegin emango amari:
7 ugazabak balitu bezala zerbitzatzen gurasoak.
8 Ohoratu aita hitzez eta egitez,haren bedeinkazioa etor dadin zuregana:
9 aitaren bedeinkazioak seme-alaben etxea sendotzen du,amaren madarikazioak oinarriak deuseztatzen.
10 Ez harrotu aitaren desohoreaz:aitaren desohorea ez da harrotzeko bide zuretzat;
11 aitaren ohorea baita gizakiaren harrotasuna,eta amaren desohorea seme-alaben lotsa.
12 Seme, zaindu aita bere zahartzaroan,ez eman nahigaberik bizi den artean.
13 Burua galtzen badu ere, izan barkabera;ez iraindu, indarrez betea zaudela eta.
14 Ez du Jaunak ahaztuko aitari on egina,zeure bekatuen ordainetan hartuko dizu kontuan.
15 Atsekabealdian gogoan izango zaitu Jainkoak,izotza eguzkitan bezala urtuko zure bekatuak.
16 Biraogilea bezalakoa da aita bazter uzten duena;Jaunak madarikatua, ama haserrarazten duena.
17 Seme, egin otzantasunez egiten duzun guztia,eta Jainkoaren begiko denak maiteko zaitu
18 Zenbat eta handiago izan, orduan eta gehiago apaldu zeure burua,eta Jaunaren gogoko izango zara;
20 handia baita Jaunaren ahalmena,eta apalek dute hura goresten.
21 Ez ibili zailegi zaizunaren bila,ezta zeure indarren gainetik dagoena ikertzen ere;
22 hausnartu eman zaizkizun aginduak,ez duzu ezkutuko gauzen beharrik eta.
23 Ez zaitez ahalegindu zeure indarrez gaindiko lanetan,erakutsi zaizuna giza adimenak uler lezakeena baino gehiago da eta.
24 Asko dira beren burutazioek desbideratuak,irudipen maltzurrek okertu dizkiete gogoetak.
26 Azken txarra izango du burugogorrak,arriskua maite duena bertan jausiko.
27 Atsekabez betetzen da burugogorra,bekatua bekatuaren gain metatzen du bekatariak.
28 Harroaren ezbeharrak ez du erremediorik,gaiztakeriaren landarea sustraitua baitu bere baitan.
29 Buruargiak jakinduriazko esaerak hausnartzen ditu,adi egongo den belarria irrikatzen du jakintsuak.
30 Urak sugarra itzaltzen du,limosnak bekatua ezabatzen.
31 On eginaz erantzuten duenak etorkizuna du gogoan,zabuka egiten badu aurkituko du euskarririk.