Ben Sirak 1 EABD

JAKINDURIAREN IZAERA ETA MESEDEAK (1,1—23,27)

Jauna jakinduriaren iturri

1 Jaunarengandik dator jakinduria guztia,harekin dago beti.

2 Itsas hondarra, euri-tantak,mendez mendeko egunak, nork zenbatu?

3 Zeruaren garaiera, lurraren zabalera,leizearen sakonera, nork arakatu?

4 Gauza guztien aurretik sortu zen jakinduria,betidanik adimena eta zuhurtzia.

6 Jakinduriaren sustraia, nori errebelatu zaio?Haren ekintza trebeak, nork ezagutzen?

8 Bat bakarra da jakintsua: guztiz beldurgarria,Jauna, bere tronuan eseria dagoena.

9 Berak sortu zuen jakinduria,hark ikusi eta neurtu ere,hark banatu berak egindako guztien gain;

10 gizaki guztiei eman die bere eskuzabaltasunez,are esku zabalagoz maite dutenei.

Jaunarenganako begirunea

11 Jaunarenganako begirunea ospe eta harrotzeko bide da,pozbide eta alaitasunezko koroa.

12 Bihotza gozatzen du Jaunarenganako begiruneak;poza, alaitasuna eta bizitza luzea ematen ditu.

13 Jaunari begirune dionak amaiera ona izango du,bedeinkatua izango heriotza-egunean.

14 Jauna errespetatzea da jakinduriaren hasiera;fededunekin dago, amaren sabelean sortu zirenetik.

15 Gizakien artean finkatu da eta betiko oinarritu,hala iraungo ondorengoekin ere.

16 Jaunarenganako begirunea da jakinduriaren betetasuna,honek bere fruituz asebetetzen ditu gizakiak;

17 gogoko dutenaz gainbetetzen die etxe osoa,eta bere emaitzez aletegiak.

18 Jaunarenganako begirunea da jakinduriaren koroa,bakea eta osasuna lorarazten dituena.

19 Euria bezala isurtzen ditu jakintza eta ezagutza argia,beraren jabe direnen ospea areagotzen.

20 Jauna errespetatzea da jakinduriaren sustraia,beronen adarrak bizitza luzea.

Nor bere buruaren jabe

22 Ez dago zuritzerik neurrigabeko grina,grina horren bulkadak eroraraziko du pertsona.

23 Behar bezain luze jasaten du eroapen handikoak,eta gero alaitasuna itzultzen zaio berriro.

24 Une egokia arte gordeko ditu gogoetak barruan;gero, askok hitz egingo dute beraren zentzu onaz.

Zuzen jokatu Jainkoarekin

25 Jakinduriaren altxorren artean daude esaera zahar argigarriak,baina nardagarri zaizkio bekatariari, jainkozale ez delako.

26 Jakinduriaren irrikan zauden horrek, bete aginduaketa erruz emango dizu Jaunak;

27 izan ere, Jaunarenganako begiruneak egiten du gizakiajakintsu eta ondo hezia;atsegin ditu Jaunak zintzotasuna eta otzantasuna.

28 Ez uko egin Jaunarenganako begiruneari,ez joan harengana bihotz bikoitzaz.

29 Ez izan itxurazale gizakien aurrean,zaindu esaten duzuna.

30 Ez goratu zeure burua,erori eta desohorea zeuregana ez dezazun:Jaunak zure isilpekoak azalduko ditueta zu batzarraren aurrean apalaraziko,ez zarelako hurbildu harengana begirunezeta bihotza maltzurkeriaz betea duzulako.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51