1 Lur jorik dagoen dohakabearen otoitza: Jaunaren aurrean husten du bere kexa.
2 Jauna, entzun nire otoitza, hel bekizu nire deiadarra!
3 Ez iezadazu larrialdian aurpegia ezkuta,makur belarria niregana, dei egitean: erantzun bizkor!
4 Badoaz nire egunak, kea bezala,erretzen dauzkat hezurrak, txingarrak bezala.
5 Belarra bezala zimeldu zait bihotza,jangartzu eta akiturik nago.
6 Intziriaren intziriz, hezur eta azal bihurtua nago.
7 Hontz-zuria basamortuan bezala nago,gau-hontza hiri-hondakinen artean bezala.
8 Loak hartu ezinik, hor nagotxori bakartia teilatuan bezala.
9 Egun osoan etsaiak irainka ari zaizkit,amorru bizian madarikatzen.
10 Errautsa dut janari, malkoak edari.
11 Zeure haserre-suminez,gora jaso eta lurrera jaurti nauzu.
12 Badoaz nire egunak, arratseko itzalaren antzera desagertuz;zimeltzen ari naiz belarraren antzera.
13 Zu, ordea, Jauna, errege zara betiko,zure erregetza menderen mendetarako.
14 Gupida izango diozu Sioni berriro,bada-eta errukirako garaia; bai, heldu da garaia!
15 Maite dituzte zure zerbitzariek hango harriak,penaturik daude hango hondamendiaz.
16 Begirune izango diote nazioek Jaunaren izenari,lurreko errege guztiek haren aintzari,
17 Jaunak Sion berriz eraikiko dueneaneta aintzaz beterik agertzean;
18 zapalduaren otoitza entzungo du,ez ditu baztertuko beronen eskariak.
19 Bego hau idatzirik hurrengo gizaldiarentzat,sortzeko dagoen herriak Jauna gorets dezan.
20 Jaunak bere santutegi gorenetik behera,zerutik lurrera begiratu du,
21 presoen intziriak entzutekoeta hiltzera kondenatuak askatzeko.
22 Jaunaren izen ahaltsua iragarriko dute Sionen,haren gorespena Jerusalemen,
23 herriak beren erregeekin bateraJauna gurtzera bilduko direnean.
24 Nire indarrak apaldu ditu bere ahalmenaz,nire egunak urritu.
25 Nik esan nuen: «Ene Jainko,ez nazazu eraman sasoirik onenean!»Zure urteek gizaldiz gizaldi diraute.
26 Hasieratik sendo ezarri zenuen lurra,zure eskuek egina da zerua:
27 haiek galduko dira, baina zuk iraungo;jantzia bezala gastatuko dira,soinekoa bezala aldatuko dituzu, eta haiek desagertuko.
28 Zu, ordea, beti bera, zure urteak amaigabeak.
29 Zure zerbitzarien ondorengoak seguru biziko dira,haien askaziak zure aurrean iraungo.