1 Koru-zuzendariarentzat. «Urruneko jainkoen usoa» doinuan. Davidena. Miktam . Filistearrek Gaten David preso hartu zutenekoa.
2 Erruki nitaz, ene Jainko, segika ari zaizkit eta,egun osoan erasotzen eta zapaltzen naute.
3 Egun osoan segika ditut etsaiak;ugari dira, Goi-goiko, erasotzen didatenak.
4 Beldur naizenean, zuregan dut konfiantza.
5 Jainkoaren promesaz nago harro, Jainkoarengan dut konfiantza, ez naiz ezeren beldur: zer egingo dit gizaki hutsak?
6 Egun osoan sufriarazten didate iraintzaileek,nire kaltea beste asmorik ez dute.
7 Ezkututik daude zelatan,nondik nora nabilen begira,niri bizia kentzeko zain.
8 Gaiztakeria honen zigorrari ihes egingo ote diote?Ene Jainko, eraitsi jende hori zeure haserreaz!
9 Idatz ezazu nire kexua,jaso zeure pergaminoan nire negar-malkoak,zeure liburuan nire nekeak.
10 Nik laguntza eske dei egin eta etsaiek atzera egitean,jakingo dut neure alde dudala Jainkoa.
11 Jainkoaren promesaz nago harro, Jaunaren agintzariaz harro,
12 Jainkoarengan dut konfiantza, ez naiz ezeren beldur: zer egingo dit gizakiak?
13 Eman nizun hitzari eutsiko diot, ene Jainko,eta esker onez beteko.
14 Bizia libratu baitidazu heriotzatik, oinak erortzetik,zure aurrean ibil nadin, oi Jainko, biziaren argitan.