Salmoak 39 EAB

Bizitzaren galkortasunagatik deitorea

1 Koru-zuzendariarentzat. «Jedutun »en doinuaz. Daviden salmoa.

2 Neure buruari esana nion:«Zainduko dut neure jarduera, mihiaz huts egin ez dezadan;ezpainak josirik gordeko ditut,aurrean gaizkilerik dudan bitartean».

3 Mutu gelditu nintzen, behar baino ere gehiago isildu.Baina nire mina gero eta biziagoa;

4 erretzen neukan bihotza bularrean,gogoan nerabilela, sua pizten zitzaidan,ezpainak ireki nituen arte eta hitz egin:

5 «Jauna, emadazu ezagutzera neure azkenaeta neure bizitzaren luzera,zein galkorra naizen jakin dezadan.

6 Unetxo bateko bizia eman didazu;zure aurrean hutsa da bizitzaren iraupena.Arnasaldi bat besterik ez da gizakia!

7 Ametsetan bezala dabil harat-honat,haizea bezain hutsala haren zalaparta;ondasunak pilatu eta norentzat jakin ez».

8 Zer itxaron dezaket, beraz, Jauna?Zuregan nire itxaropen bakarra!

9 Libra nazazu neure bekatu guztietatik,ez egin ni eroaren barregarri.

10 Isilik nago, ahorik zabaldu gabe, dena zeuk egina baita.

11 Urrundu niregandik zeure zigorra,zure kolpeez akiturik bainago.

12 Erruak zigortuz zentzarazten duzu gizakia,eta sitsak jantzia bezala hauts bihurtzen hark maiteen duena.Arnasaldi bat besterik ez da gizakia!

13 Entzun nire otoitza, Jauna! Jaso nire deiadarra!Ez egin entzungor nire negarrari!Izan ere, gonbidatu bat besterik ez naiz zurean,ostatuz naukazu, arbasoak bezala.

14 Ken niregandik begirada zorrotz hori,noizbait ere irribarre egin ahal dezadan,hemendik joan eta izateari utzi baino lehen.