1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.Ene Jainko, ez egin entzungor nire gorespenari!
2 Jende gaizto eta maltzurrak ahoa zabaldu du nire aurka,gezurrez pertsegitzen naute,
3 gorroto-hitzez inguratzen, arrazoirik gabe erasotzen.
4 Neure maitasunaren ordainez, salatu egiten naute,eta nik, bitartean, haien alde otoitz.
5 On eginaren ordain gaitza bihurtzen didate,maitasunaren ordain gorrotoa.
6 Izenda ezazu gaiztoren bat haren kontra,bego salatzailea haren ondoan.
7 Atera bedi kondenatua auzian,huts egin biezaio bere goradeiak.
8 Urri bitez haren egunak, har beza beste batek haren kargua.
9 Geldi bitez umezurtz haren haurrak, alargun haren emaztea.
10 Ibil bitez haren haurrak harat-honat eskale,beren etxeak konfiskatu dizkietelarik.
11 Ken biezazkio hartzekodunak bere ondasunak,bere irabaziak arrotzek harrapa.
12 Ez bekio inor maitasunez hurbil,ez haren umezurtzen gupidarik izan.
13 Suntsituak izan bitez haren ondorengoak,gizaldi bakar batean galdua haren deitura.
14 Oroit bedi Jauna haren gurasoen erruaz,ez beza kendu amaren bekatua:
15 izan bitza beti Jaunak begi aurreaneta suntsi beza lurretik haien oroitzapena!
16 Izan ere, ez da saiatu maitasunez jokatzen,dohakabea eta behartsua pertsegitueta bihotz-eroria hil nahi izan du.
17 Madarikazioa zuen gogoko: betorkio gainera!Bedeinkaziorik ez zuen opa: urrun bekio!
18 Madarikazioa zeraman soingaineko:sar bekio barruraino ura bezala,gorputz guztira zabaldu olioa bezala!
19 Estal beza, beraz, soinekoak bezala,lot beza etengabe gerrikoak bezala!
20 Izan bedi hori Jaunarengandiko zigorra nire salatzaileentzat,gaizki-esaka ari zaizkidanentzat.
21 Baina zuk, ene Jainko Jaun horrek,egizu mirari bat nire alde,zarena zarelako, guztiz ona zarelako;libra nazazu, zeure maitasunagatik.
22 Dohakabe eta behartsu bainaiz,urraturik baitut bihotza barruan.
23 Banoa ni, arratseko itzalaren antzera desagertuz,matxinsaltoak bezala uxatzen naute.
24 Barauaren barauz, zangoak koloka ditut,gorputza argal eta ihar.
25 Iseka-gai bihurtu natzaie,ni ikustean, buruari eragiten diote burlaz.
26 Lagundu, Jauna, ene Jainkoa!Salba nazazu, zeure maitasunari dagokionez!
27 Jakin bezate zure eskua dela,zu zeu, Jauna, nire alde ari dena.
28 Madarika nazatela: zuk ni bedeinka;altxa daitezela aurka: lotsagarri geldituko dira,eta zure zerbitzari hau poztuko.
29 Estal bitez laidoz nire salatzaileak,bil bitza lotsa gorriak soingainekoak bezala!
30 Aho betean emango dizkiot eskerrak Jaunari,jendetzaren erdian goretsiko dut,
31 behartsuaren ondoan jarri baita,kondenatu nahi zutenen eskutik salbatzeko.