1 Moises Jainkoaren gizonaren otoitza.Jauna, zu izan zaitugu babesleku gizaldiz gizaldi.
2 Mendiak jaio baino lehen, lurra eta mundua sortu baino lehen,Jainko zara zu betidanik eta betiko.
3 Gizakia hauts bihurtzen duzu,esanez: «Itzul lehenera, gizakiok!»
4 Bai, mila urte zuretzat atzo igaro zen egunaren pareko,gau-ordu baten pareko.
5 Hor daramatzazu gizakiak, goizaldean ametsak bezala;belarra bezala ernetzen dira:
6 goizean erne eta loratzen;arratsaldean, berriz, zimeldu eta ihartzen.
7 Zure haserreak akiturik gauzka, zure suminak ikara bizian.
8 Zeure aurrean ipini dituzu gure erruak,zeure begi-argitan gure bekatu ezkutuak.
9 Zure suminez akitzen dira gure egun guztiak,hasperen batean amaitzen gure urteak.
10 Gure bizitza hirurogeita hamar urte, onenean ere laurogei:gure bizi-lehia neke eta atsekabe huts;bizitza arin doa, hegan goaz!
11 Nork ezagutzen du zure haserrearen indarra?Nork dio aski beldur zure suminari?
12 Erakutsiguzu geure egunen kontua eramaten,jakinduriaren erdi-muinaz jabe gaitezen.
13 Itzul zakizkigu, Jauna! Noiz arte haserre?Erruki zeure zerbitzarioi!
14 Ase gaitzazu goizero zeure maitasunaz,bizitza guztia poz-oihuz zorionean igaro dezagun.
15 Eman zoriona orain arteko egun estuen ordez,ikusi ditugun urte gorrien ordez.
16 Zure zerbitzariok ikus dezagula zure ekintza,eta gure seme-alabek zure nagusitza!
17 Guregana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, gozoa!Burutu bitza ongi gure eginbeharrak,burutu ongi gure eginbehar guztiak!