1 Daviden otoitza.Entzun, Jauna! Justizia eske nator!Zaude adi nire deiadarrari, makur belarria nire otoitzari:ez dut engainurik ezpainetan.
2 Emazu nire aldeko epaia, ikus nire zuzentasuna.
3 Aztertu nire barrua, ikertu gauez ere, probatu suaz:ez duzu niregan okerrik aurkituko; nire ahoak ez du huts egin,
4 jendeak ohi duen bezala; gorde dut zure hitza,
5 bide latzetan sendo ezarri ditut oinak;zure arrastotik ez dira aldendu nire urratsak.
6 Deika nauzu, Jainko; erantzungo al didazu!Itzul niregana belarria, entzun nire mintzoa.
7 Erakuts zeure maitasun harrigarria,erasotzaileengandik salbatzen baitituzuzure esku ahaltsuan babesten direnak.
8 Zaindu nazazu zeure begi-ninia bezala,gorde ni zeure hegalen itzalpean,
9 larrutu nahi nauten gaizkileengandik,inguratzen nauten etsai amorratuengandik.
10 Harropuzturik daude; haien ahotik harrokeria besterik ez.
11 Gainean ditut, inguratua naute,ni lurrera botatzeko beti prest,
12 ehizaki-irrikaz dagoen lehoiaren antzera,ezkutuan dagoen lehoikumearen antzera.
13 Jaiki, Jauna! Egiezu aurre, bota lurrera!Salba nazazu zeure ezpataz gaizkileengandik!
14 Garbi itzazu zeure eskuz, Jauna,garbitu mundutik! Gal bitez bizidunen artetik!Zuk zaintzen dituzunei, ordea, bete sabela;ase itzazu horien seme-alabak,eta utz bezate sobera dutena beren haurrentzat.
15 Nik, auzi-egunean, zure aurpegia ikusiko dut;piztean, zure izateaz aseko naiz.