1 Koru-zuzendariarentzat. «Egunsentiko basahuntza» doinuan . Daviden salmoa.
2 Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?Zergatik ez duzu entzuten nire deiadarra eta kexua?
3 Egunez deika ari natzaizu, ene Jainko, eta zuk erantzunik ez;baita gauez ere, eta bakerik ez dut.
4 Zu, ordea, santutegian bizi zara,Israelen gorespenak hartuz.
5 Gure gurasoak zurekin fidatu ziren;fidatu ziren, eta zuk libratu.
6 Deiadar egin zizuten eta zuk askatu;zurekin fidatu, eta ez zien usteak huts egin.
7 Ni, berriz, har naiz eta ez gizaki,jendeak iraindua, herriak mespretxatua.
8 Ikusten nautenek burla egiten didate,keinuka eta zeinuka.
9 «Jaunarengana jo du; libra dezala, bada!Salba dezala, hainbeste maite badu!»
10 Zuk atera nauzu amaren sabeletik,lasai eduki haren bularrean.
11 Zure esku nago jaiotzatik,zu zaitut Jainko amaren sabeletik.
12 Ez egon niregandik urrun, hurbil baitut arriskua,eta ez dut nork lagundurik.
13 Etsaiek inguratzen naute,zezen-talde handia bailiran,basabere izugarriak bailiran;
14 ahoa zabalik dute nire kontra,lehoi harraparien gisa orroka.
15 Badoaz nire indarrak, ur isuria irudi;koloka ditut hezur guztiak,urtzen ari zait bihotza, argizaria irudi.
16 Indargabe nago, teila bezain lehor,ahosabaiari itsatsia dut mihia,hilobi-hautsetaraino ekarri naute.
17 Gaizkile-taldeak inguratu nau,zakur-tropelak erdian hartu,esku-oinak zulatu dizkidate.
18 Hezur eta azal gelditu naiz!Haiek adi-adi begiratzen didate.
19 Nire jantziak banatzen dituzte,nire soinekoa zotz egiten.
20 Baina zu, Jauna, ez egon urrun!Ene indar, lagundu! Ez luzatu!
21 Libra nazazu ezpataz hila izatetik,atera nire bizi hau zakur horien atzaparretatik.
22 Salba nazazu lehoiaren ahotik,bufaloen adarretatik.Erantzun didazu!
23 Hitz egingo diet zutaz neure senideei,goretsiko zaitut batzarraren erdian.
24 Goretsazue Jauna, begirune diozuenok!Emaiozue ohore, Jakoben ondorengo guztiok!Adora ezazue, israeldarrok!
25 Jaunak ez du mespretxatu,ez du gutxietsi gizagaixoaren zorigaitza,ez du harengandik aurpegia saihestu:entzun dio deiadarra.
26 Zeuk eraginik, goretsiko zaitut batzar handian,neure promesak beteko ditutbegirune dizutenen aurrean.
27 Asetzeraino jango dute behartsuek,Jauna goretsiko haren bila saiatzen direnek.Ez galdu adorea sekula!
28 Jaunaz oroituko dira lurreko herri guztiaketa harengana itzuliko;haren aurrean ahuspeztuko dira herrietako familia guztiak.
29 Jauna errege da, herri guztien nagusi!
30 Hari ahuspeztuko zaizkio lurpean lo daudenak,haren aurrean makurtuko hilobira jaitsiak,Jainko garaileak biziberritu egiten baitu.
31 Nire ondorengoek Jauna gurtuko dute,Jaunaz hitz egingo diete ondorengo gizaldiei,
32 haren egintza salbagarria adierazikosortzeko dagoen herriari.