Salmoak 88 EAB

Etsitakoaren deiadarra

1 Kanta. Koreren semeen salmoa. Koru-zuzendariarentzat. Gaixoaldirako, atsekaberako. Heman ezratarraren poema .

2 Jauna, ene Jainko salbatzailea!Gau eta egun laguntza eske deiadar degizut.

3 Hel bekizu nire otoitza, makur belarria nire garrasira!

4 Zoritxarrez josia nago, Herio Leize ertzean nire bizia.

5 Zulora doazenekin bat egina naukate, hain nago indargabetua.

6 Herioaren esku utzia nago, erail eta hilobian sartuak bezala:ez dituzu gehiago gogoan izango,zurekiko lokarriak moztuak baitituzte.

7 Zulo sakonera jaurti nauzu, barren-barreneko ilunpetara.

8 Zama astun dut gainean zure haserrea,zure atsekabe-itsasoan murgildurik.

9 Ezagunak urrundu egin dizkidazu,haientzat higuingarri bihurtu nauzu.Preso nago, irtenbiderik gabe,

10 atsekabearen atsekabez begiak akiturik.Egun osoan zuri deika nago, Jauna,eskuak zuregana luzaturik.

11 Hildakoen alde egingo ote duzu miraririk?Haien arimak jaikiko ote zu gorestera?

12 Iragartzen ote hilobian zure maitasuna,hondamen-leizean zure leialtasuna?

13 Ezagutzen ote zure mirariak ilunpetan,zure salbamen-asmoa oroitzapenik gabeko herrialdean?

14 Baina nik, Jauna, deiadar degizut laguntza eske,zuregana doa nire otoitza goiz-goizetik.

15 Jauna, zergatik baztertzen nauzu,zergatik gordetzen aurpegia?

16 Haurtzarotik, dohakabe naiz eta gaixo,zure izu-ikaren zamapean lehertua.

17 Zure sumina gainetik igaro zait,zure ikara larriak galdu nau.

18 Uholdeak bezala murgildua naukate egun osoan,alde guztietatik inguratua.

19 Adiskide eta lagunak urrundu egin dizkidazu:ilunpeak ditut lagunarte bakar.