Salmoak 119 EAB

Legea, dohain zoragarria

1 Zorionekoak erabat zintzo jokatzen dutenak,Jaunaren legean dabiltzanak!

2 Zorionekoak, haren xedapenak betez,bihotz-bihotzez harengana jotzen dutenak!

3 Bidegabekeriarik egin gabe, haren bideetan dabiltzanak!

4 Jauna, zeure legeak ezarri dituzu, arretaz bete ditzagun.

5 Eman ditzadala urratsak tinko, zure arauak gordetzeko.

6 Orduan, ez naiz lotsa izango, zure agindu guztiei begira.

7 Bihotz zintzoz goretsiko zaitut, zure erabaki zuzenak ikasiz.

8 Zure arauak nahi ditut gorde: ez nazazu inoiz eskutik utz!

2

9 Nola gorde dezake gazteak bere burua garbi?Bere bizimodua zure hitzera egokituz.

10 Bihotz-bihotzez nabilkizu bila:ez utzi ni zure aginduetatik saihesten.

11 Gogoan jasotzen dut zuk hitzemana,zure aurka bekatu ez egiteko.

12 Bedeinkatua zu, Jauna! Irakats niri zeure arauak.

13 Neure ahotsez iragartzen ditut zuk emaniko erabaki guztiak.

14 Zure xedapenei jarraitzea niretzat pozgarriagoaberastasun handienak baino.

15 Zure legeak nahi ditut hausnartu, zure bideak begi aurrean eduki.

16 Zure arauak ditut gozamen: zure hitzak ez ditut ahazten.

3

17 Egiozu on zeure zerbitzari honi: biziko naizeta zure hitza gordeko dut.

18 Ireki nire begiak, ikus ahal ditzadanzure legearen dohain harrigarriak.

19 Atzerritar naiz munduan: ez ezkutatu niri zeure aginduak!

20 Akiturik ditut barne-indarrak,zure erabakien etengabeko irrikaz.

21 Egin agiraka harroputz madarikatuei,zure aginduetatik aldentzen direnei!

22 Urrundu niregandik iraina eta mespretxua,gordetzen baititut zure xedapenak.

23 Nahiz eta jauntxoak nire aurka hitzartu,zerbitzari honek zure arauak hausnartzen ditu.

24 Bai, zure xedapenak ditut gozamen, horiek kontseilari!

4

25 Lur jorik nago:biziberri nazazu, zeure promesaren arabera!

26 Neure joan-etorrien berri eman dizut, eta erantzun egin didazu:irakats niri zeure arauak!

27 Ulertarazi niri zeure legeen bidea,eta zure dohain harrigarriak hausnartuko ditut.

28 Erortzen ari naiz nahigabez ahuldurik:jaso nazazu, zeure promesaren arabera!

29 Aldendu niregandik jokabide maltzurraeta emadazu zeure legea dohain.

30 Leialtasunaren bidea aukeratu dut,paregabetzat jotzen ditut zure erabakiak.

31 Zure xedapenei loturik nago: Jauna, ez ni lotsagarri utzi!

32 Zure aginduen bidetik lehiatuko naiz,barrua lasaitzen didazunez gero.

5

33 Erakutsi niri, Jauna, zeure arauen bidea,horri jarraitzea izango dut sari.

34 Ulertarazi zeure legea, eta gordeko dut,bihotz-bihotzez beteko.

35 Gida nazazu zeure aginduen bidetik, hori baitut atsegin.

36 Makurtu nire gogoa zeure xedapenetaraeta ez beste irabazirik desiratzera.

37 Urrundu nire begiak huskerietatik,emadazu bizia zeure indarrez.

38 Bete zerbitzari honi zeure promesa,begirune dizutenei egina.

39 Baztertu niregandik iraina, beldur baitiot;zure erabakiak bakarrik dira on!

40 Begira zure legeak nola irrikatzen ditudan:zuzena zara, biziberri nazazu!

6

41 Atzeman nazala, Jauna, zure onginahiak,zure salbazioak, hitzeman duzunez.

42 Izango dut orduan iraintzaileari zer erantzun,zure hitzaz fidatzen bainaiz.

43 Nire mintzoa izan dadila beti egiazkoa,zure erabakietan baitut itxarobidea.

44 Etengabe jarraituko diot zure legeari, beti eta beti.

45 Bide zabaletik ibiliko naiz, zure legeak aztertzen saiatuz.

46 Zure legeak erregeen aurrean azalduko ditut lotsarik gabe.

47 Zure aginduetan gozatuko naiz, hain maite ditudan aginduetan.

48 Agindu maitagarri horiek ditut besarkatzen,zure arauak darabilzkit gogoan.

7

49 Gogora ezazu zeure zerbitzari honi emaniko hitza:horixe egin duzu nire itxarobide.

50 Horixe dut kontsolamendu atsekabean,zure promesak bainau biziberritzen.

51 Harroputzek gogor egin didate iseka,baina ni ez naiz zure legetik saihestu.

52 Antzinako zure erabakiak gogoratzean,erabat kontsolatzen naiz, Jauna.

53 Haserre-sutan jartzen naiz gaiztoengatik,zure legea bazter uzten dutenengatik.

54 Nik, ordea, babes ditut zure arauak erbestealdi honetan.

55 Gauez ere, zure izena dut gogoan,Jauna, beila-orduetan, zure irakaspena.

56 Hona niri dagokidana: zure legeak betetzea.

8

57 Jauna, ene ondasun bakar,erabakia dut zure hitzak gordetzea.

58 Bihotz-bihotzez bilatzen dut zure mesedea:erruki nitaz, hitzemana duzunez!

59 Aztertu dut neure jokabidea,eta neure pausoak zure xedapenetara nahi ditut bideratu.

60 Gogotik lehiatzen naiz, zabarkeriarik gabe,zure aginduak gordetzen.

61 Gaiztoek lakioz inguratu nauten arren,ez dut zure irakaspena ahaztu.

62 Gauerdian jaikitzen naiz zu gorestera,zure erabakiak zuzenak direlako.

63 Begirune dizuten guztien lagun naiz,zure legeak betetzen dituztenen lagun.

64 Jauna, zure maitasunaz beterik dago mundua!Irakatsi niri zeure arauak!

9

65 On egiozu zeure zerbitzari honi,Jauna, zeure promesaren arabera!

66 Irakatsi niri ongi bereizten eta ezagutzen,zure aginduez fidatzen bainaiz.

67 Atsekabetua izan aurretik, desbideraturik nenbilen;orain, ordea, zure esana dut betetzen.

68 Ona zara zu eta ongilea: irakatsi niri zeure arauak!

69 Gezurrez josten naute harroputzek;nik bihotz-bihotzez betetzen ditut zure legeak.

70 Harria bezain gogorra dute bihotza;nik zure irakaspena dut gozamen.

71 Beharrezkoa nuen atsekabetua izatea, zure arauak ikasteko.

72 Zein ona niretzat zure irakaspena,urre-zilarrezko milaka txanpon baino baliotsuagoa!

10

73 Zure eskuek egin ninduten eta eratu:emadazu adimena, zure aginduak ikas ditzadan.

74 Poztu egingo dira, ni ikusiz, zure esaneko direnak,zure hitzean jarria dudalako itxaropena.

75 Badakit, Jauna, zuzena zarela zeure erabakietan,leiala zarelako atsekabetu nauzula.

76 Arren, kontsola nazazu zeure maitasunez,zeure zerbitzari honi hitzeman diozunez.

77 Zatozkit zeure gupidaz, biziberri nadin,zure irakaspena baitut gozamen!

78 Geldi bitez lotsaturik engainuz okertu gura nauten harroputzak;nik zure legeak ditut hausnartzen.

79 Betozkit, ordea, zure esaneko direnak,ezagutu ahal ditzaten zure xedapenak.

80 Bego nire gogoa zure arauei erabat emana;ez dut horrela lotsarik izango.

11

81 Urtzen daukat barrena zure salbazioaren irrikaz,zure hitzaren zain nago;

82 begiak erreak ditut zuk hitzemanaren zain:noiz kontsolatuko nauzu?

83 Larru zahar zimurra bezala nago;ez ditut, ordea, zure arauak ahaztu.

84 Zenbat egunez bizi naiteke oraindik?Noiz zigortuko dituzu nire pertsegitzaileak?

85 Harroputzek zuloak egin dizkidate bidean,zure legea aintzat hartu gabe.

86 Fidagarriak dira zure agindu guztiak;maltzurkeriaz pertsegitzen naute: zatozkit laguntzera!

87 Ia garbitu ninduten lurretik;baina nik ez nituen zure legeak bazter utzi.

88 Babestu nire bizia zeure maitasunez!Beteko ditut zuk emaniko xedapenak.

12

89 Zure hitza, Jauna, betierekoa da,zerua baino iraunkorragoa!

90 Zure leialtasunak belaunez belaun dirau,zeuk finkatu duzun lurrak baino areago!

91 Gaurdaino diraute zure erabakiz,gauza guztiak menpeko baitituzu.

92 Zure irakaspena izan ez banu gozamen,honezkero galdua nintzatekeen atsekabez.

93 Ez ditut, ez, zure legeak sekula ahaztuko,horien bidez bainauzu biziarazten.

94 Zeurea nauzu: salba nazazu,zure legeen bila saiatzen naiz eta!

95 Gaiztoak zelatan zegozkidan ni galtzeko,baina ni erne nengoen zure xedapenetara.

96 Gauzarik bikainenak ere badu bere muga,zure agindua bakarrik mugagabea.

13

97 Bai dudala maite zure irakaspena!Bera dut hausnargai egun osoan.

98 Zure aginduak etsaiak baino zuhurrago egiten nau,neurekin baitut aldioro.

99 Nire irakasle guztiak baino argiago naiz,zure xedapenak hausnartzen ditudalako.

100 Zaharrak baino trebeago naiz ulertzen,zure legeak gordetzen ditudalako.

101 Ez naiz inolako bide txarretatik abiatzen,zure hitza gordetzearren.

102 Ez naiz zure erabakietatik aldentzen,zeuk baitidazu irakasten.

103 A zein gozoa zuk hitzemana, eztia ahorako baino gozoagoa!

104 Zure legeek egiten naute ulertzeko gai;horregatik, gorroto dut jokabide maltzur oro.

14

105 Nire pausoentzat kriseilu da zure hitza,nire biderako argi.

106 Zin egin dut eta tinko nagozure erabaki zuzenak gordetzeko asmoan.

107 Biziki atsekabeturik nago, Jauna:babestu nire bizia, zeure promesaren arabera!

108 Har itzazu onez, Jauna, nire otoitzaketa ezagutarazi niri zeure erabakiak.

109 Nire bizia beti arriskuan dagoen arren,ez dut zure irakaspena ahazten.

110 Gaiztoek tranpa jarri didate;ni, ordea, ez naiz zure legeetatik okertu.

111 Zure xedapenak dira nire ondare betiko,beraiek baitidate barrua pozten.

112 Zure arauak betetzera makurtzen dut gogoa:nire sari dira betiko.

15

113 Fede gaiztokoak ditut gorroto,eta zure irakaspena maite.

114 Zu zaitut ene gordeleku eta babes,zure hitza ene itxaropen.

115 Alde niregandik, gaizkileok,neure Jainkoaren aginduak gorde ahal ditzadan.

116 Eutsi niri, zeuk hitzeman bezala, eta biziko naiz;ez dakidala neure esperantza huts gerta.

117 Emadazu eskua eta salbatuko naiz,begi aurrean izango ditut beti zure arauak.

118 Mespretxatu egiten dituzu zure arauetatik saihesten direnak,gezur huts baitira horien egitasmoak.

119 Zabortzat dauzkazu munduko gaizto guztiak;horregatik maite ditut zure xedapenak.

120 Dardara dagit zure beldur-ikaraz, eta begirune diet zure erabakiei.

16

121 Zuzenbidez eta justiziaz jokatu dut:ez utzi ni zapaltzaileen esku.

122 Segurtatu onbidean zeure zerbitzari hau,ez nazaten harroputzek zapal.

123 Erreak ditut begiak zure salbazioaren zain,zuk hitzemaniko justiziaren zain.

124 Jokatu zeure zerbitzari honekin, zure maitasunari dagokionez:irakatsi niri zeure arauak!

125 Zeure zerbitzari nauzu: emadazu adimena,zure xedapenak ezagut ditzadan.

126 Ekin, Jauna, ordua da: zure legea hautsi egin dute!

127 Nik, ordea, maite ditut zure aginduak,urrerik finena baino maiteago.

128 Zuzen-zuzenak iruditzen zaizkit zure xedapen guztiak,eta gorroto diot jokabide maltzur orori.

17

129 Harrigarriak dira zure xedapenak!Horregatik ditut gogoan gordetzen.

130 Azaldu zeure hitz argigarriak, eman ulermena heldugabeei.

131 Aho zabalik nago desiraz, zure aginduen irrika biziz.

132 Itzul niregana eta erruki zakizkit,zure izena maite dutenekin ohi duzun bezala.

133 Sendo beza zuk hitzemanak nire ibilbidea,ez nazala inolako txarkeriak mendera.

134 Aska nazazu zapaltzaileen eskutiketa beteko ditut zure legeak.

135 Erakutsi aurpegi argia zeure zerbitzari honi,irakatsi niri zeure arauak!

136 Ene begiek malko-errekak isurtzen dituzte,zure irakaspenari jarraitzen ez diotenengatik.

18

137 Zintzoa zara zu, Jauna, zuzena zeure erabakietan.

138 Xedapen zuzenak ezarri dituzu, zeharo fidagarriak.

139 Maitasun-garrak erretzen nau,nire etsaiak zure hitzaz ahazten direlako.

140 Ongi egiaztatua da zuk hitzemana;maite du, bai, zure zerbitzari honek.

141 Txikia naizen arren eta mespretxatua,ez ditut zure legeak ahazten.

142 Zure justizia behin betiko justizia da,zure irakaspena fidagarria.

143 Larriak eta zoritxarrak jota nagoelarik ere,gozamen ditut zure aginduak.

144 Zure xedapenak behin betiko zuzenak:ulertarazi haiek niri eta biziko naiz.

19

145 Bihotz-bihotzez egiten dizut dei:erantzun, Jauna, eta gordeko ditut zure arauak.

146 Dei degizut: salba nazazu,eta beteko ditut zure xedapenak.

147 Eguna argitu baino lehen, deiadar degizut laguntza eske:zure promesetan dut itxaropen!

148 Gau-beilan zuregana zuzentzen ditut begiak,zuk hitzemana hausnartuz.

149 Entzun nire ahotsa zeure maitasunez!Jauna, biziberri nazazu, erabaki duzun bezala!

150 Asmo txarrez pertsegitzen nautenak hurbiltzen ari zaizkit,urrun dira zure legetik.

151 Baina hurbil, zu zaitut nik, Jauna;zure agindu guztiak fidagarriak dira.

152 Aspalditik ezagutzen ditut zure xedapenak,betidanik baitituzu ezarriak.

20

153 Begira nire atsekabeari eta libra nazazu,ez baitut zure irakaspena ahaztu.

154 Defendatu nire auzia eta aska nazazu,babestu nire bizia, zeuk hitzemanaren arabera!

155 Urruti dago gaiztoengandik zure salbazioa,ez baitute jotzen zure arauetara.

156 Neurrigabe zara bihozbera, Jauna:biziberri nazazu, zeure erabakien arabera!

157 Asko dira pertsegitzen nauten etsaiak;ez naiz, hala ere, zure xedapenetatik okertzen.

158 Desleialak ikusi eta nazka ematen didate:ez dute zuk hitzemana gogoan hartzen.

159 Ikus zein maite ditudan zure legeak!Biziberri nazazu zeure maitasunez!

160 Zure hitzaren funtsa leialtasuna da,zure betiko erabakien muina justizia.

21

161 Jauntxoek arrazoi gabe pertsegitzen naute,baina zure hitzek bakarrik ikaratzen ni.

162 Pozik nago zuk hitzemanagatik,altxor galanta aurkitu duena baino pozikago.

163 Gorroto eta higuin diot maltzurkeriari,zure irakaspena dut maite.

164 Egunean zazpi aldiz goraipatzen zaitut,zeure erabaki zuzenengatik.

165 Bake-bakean bizi dira zure legea maite dutenak:ez da ezer eroraraz ditzakeenik.

166 Zure salbazioa espero dut, Jauna, eta zure aginduak betetzen.

167 Gogoan hartzen ditut zure xedapenak eta biziki maite.

168 Betetzen ditut zure lege eta xedapenak:begi aurrean dituzu nire ibilbide guztiak.

22

169 Hel bedi zureganaino, Jauna, nire deiadarra:egin nazazu ulertzeko gai, zeure promesaren arabera!

170 Irits dadila zure aitzinera nire erregua:libra nazazu, zeuk hitzeman bezala!

171 Isur bezate nire ezpainek zure gorespena,zeure arauak irakatsi baitizkidazu.

172 Iragar beza nire mihiak behin eta berriz zure promesa,zuzenak baitira zure agindu guztiak.

173 Luza eskua niri laguntzeko,zure legeak aukeratu ditudanez gero.

174 Zure salbazioaren irrikaz nago, Jauna,eta zure irakaspena dut gozamen.

175 Bizi nadila luzaro zu goresteko,lagun diezadatela zure erabakiek!

176 Ardi galduaren gisa desbideratuko banintz,bilatu zuk zeure zerbitzari hau,ez baititut zure aginduak ahazten.