Salmoak 103 EAB

Jainko errukiorrari bedeinkazio-kanta

1 Daviden salmoa.Bedeinka beza ene arimak Jauna,ene barren osoak haren izen santua!

2 Bedeinka beza ene arimak Jauna,ez bitza ahaztu haren mesedeak!

3 Erru guztiak barkatzen dizkit, gaitz guztiak sendatzen;

4 bizia Herio Leizetik ateratzen dit,maitasun eta errukiz inguratzen nau;

5 bizitza osoan bere edertasunez nau asetzen,beti arranoa bezain gazte gordetzen.

6 Jaunak justizia egiten du,zapalduen eskubideak defendatzen.

7 Bere egitasmoak adierazi zizkion Moisesi,bere egintza handiak israeldarrei.

8 Bihozbera eta errukiorra da Jauna,haserregaitza eta onginahiz betea.

9 Ez da beti agiraka ari, ez du haserrea luzaro gordetzen.

10 Ez gaitu erabiltzen gure bekatuek merezi bezala,ez digu ordaintzen geure erruen arabera.

11 Nola zerua lurraren gainean garai,hala haren maitasuna begirune diotenentzat handi.

12 Nola ekialdea mendebaldetik urruti,hala ditu hark gure hobenak beregandik urruntzen.

13 Nola aita seme-alabentzat errukior,hala Jauna begirune diotenentzat errukior.

14 Badaki ongi zerez garen eginak,gogoan du hautsa besterik ez garela.

15 Gizakiaren egunak belarraren pareko:zelaiko lorea bezala loratzen da

16 eta, haizeak jo orduko, bertan behera galtzen,zegoen tokian aztarnarik utzi gabe.

17 Baina Jaunaren maitasunak sekulako diraubegirune diotenentzat;haren salbamen-asmoa belaunalditik belaunaldira luzatzen da

18 haren ituna gordetzen eta legeak betetzen dituztenentzat.

19 Jaunak zeruan ezarri du bere tronua,eta mundu osora zabaltzen da haren errege-agintea.

20 Bedeinka ezazue Jauna, beraren aingeruok,haren esana entzun bezain lasterbetetzen duzuen izaki indartsuok!

21 Bedeinka Jauna, beraren gudari guztiok,haren nahia egiten duzuen zerbitzariok!

22 Bedeinka Jauna, beraren sorkari guztiok,menpeko dituen toki guztietan!Bedeinka beza ene arimak Jauna!